KUNA – KULTUR KUDEAKETAREN DEFENTSAN

KUNA Gestión Cultural Navarra – Nafarroako Kultur Kudeaketa erakundeak Foru Komunitatean kultur kudeaketan diharduten profesionalak biltzen ditu bere baitan 1990etik hona eta bere poza agertu nahi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak emaniko ebazpena dela eta. Ebazpenak, izan ere, berretsi du EPEL Tudela-Cultura-k pertsona bat kontratatu zuela era irregularrean, Tuteran kultur kudeaketako lanak egiteko. Izan ere, “ez ziren bete kontratazio arloko eskakizunak, merezimendu eta gaitasun printzipioekin bat”.

KUNAk Nafarroako kultur politikak zaindu eta aplikatzeko konpromisoa berretsi nahi du, lan profesionala aitortzearen alde lan eginez eta lan hori gizartearen eta guztien ongiaren zerbitzuaren alde dagoela nabarmenduz.

Horretarako, KUNAk buru-belarri gainbegiratzen ditu deialdi publikoak, erakunde batzuk kultur politika eta legediari buruzko plangintza estrategikoaz aholkatuta, auzitegien osaeran eta ebazpenetan lagunduta eta, era berean, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluan gure presentzia finkatuta.

Tuterari dagokion kasuan, herri horretako Udalak ez zituen bete KUNAk emaniko gomendioak, eta erakunde zehatz baten elkarlana eskatu zuen. KUNAk, lankide haiei babesa emateaz gain, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzeko prest geundela berretsi genuen, lanbidearen defentsan eta huraxe aitortu eta duintzeko.

Jardunbide egokiei dagozkien kodeak aplikatu beharko lirateke kultur lanaren maila guztietan eta, era berean, kulturak gizartea eraldatzeko tresna gisa duen balioa nabarmendu, kultur kudeatzaileen rola gizartean duinduta, lanbidea bera arauketa publiko eta pribatuaren bidez aitortuta, eta kultur kudeaketa jarduera jasangarria izan dadila ahalbidetuta.

Kulturak, izan ere, kohesioa dakar gizartera, zentzu kritikoaz eta prestakuntzaz gainera; horrez gain, lagungarria da gizarte demokratikoagoa sortzeko eta, era berean, gizarteak aurrerapenerako nahiz egokitzapenerako gaitasun handiagoa izateko. KUNAk gogoeta sakona egiteko eskatzen die instituzioei, baliabide publikoak behar diren kalitatez eta profesionaltasunez kudeatuko direla bermatzeko. Horren haritik, gure iritziz, nahitaezkoa da kultur kudeaketaren profesionalek Kulturaren zerbitzu publikoak kudeatzea.

Iruñea, 22-09-29

KUNAko Zuzendaritza Batzordea

Comments are closed.